![]() |
||
Historia
Harremanak |
|
Ikastolentzat, ondare kultural aberats baten transmititzeaz gain, euskaraz zein frantsesez mintzatzea, irakurtzea, idaztea eta ikastea helburu garrantzitsua da. Frantsesa lehen mailatik goiti ikasten hasiz eta eskolaldiko zein eskolaz kanpoko jardueretan euskarazko ingurunean murgildua izanez, haurrak bi hizkuntzak goizik bereganatzen ditu eta hori etxeko ingurumena frantsesezkoa baldin badu ere.
Ikastolan, irakasle taldeak haur eta nerabean oinarritzen den hezkuntz
proiektu baten inguruan ari dira lanean. Proiektu horrek pertsona bai
bere osotasunean bai bere berezitasunean hartzen du. Irakasle eta gurasoen
arteko lotura estua lagungarria da egitasmo honetan.
Ipar Euskal Herriko 24 ikastolak (lehen mailako 20 ikastolak, hiru kolegioak eta lizeoa) SEASKA federazioaren kide dira. Ikastolak Hezkunde Ministeritzari lotuak dira elkarte kontratupeko eskola pribatuko estatutuaren bidez. Bi mila ikasle baino gehiago eskolatuak dira ikastoletan, ama eskolatik Terminalera. Guraso guziek beren ikastola kudeatzen duen tokiko elkartearen bizian
parte hartzeko aukera dute baita ere ikastola mugimendua egituratzeko
eta garatzeko erabakiak hartzen dituen federazio mailan.
Ikastolen eskola karta zabalak SEASKA-k ezarri duen euskarazko irakaskuntza
ereduaren garapena eta arrakasta erakusten du. Euskal Herriko haurrei
euskarazko irakaskuntza eskaini ahal izatea abantaila bat da, askatasun
bat gehiago. Bestalde, euskaldun gazteentzako lan egiteko aukerak eta
enplegu eskaintzak emendatuz doazela ikusteak hautatu dugun bidean segitzeko
kemena ematen digu. |